Iaz bizitako konfinamenduan, agerian geratu zen ziurtagiri elektroniko baliodun bat edukitzea zein garrantzitsua den izapideak online egin ahal izateko (bulegoetara joan beharrik gabe) eta dokumentuetan modu digitalean sinatu ahal izateko.
Zer dira ziurtagiri elektronikoak?
Bi egoera bereizi behar ditugu:
- Autentifikazio-ziurtagiriak: izapide telematiko bat egiten duen pertsonaren nortasuna bermatzeko balio dute. Ziurtagiri horiek pertsona horren nortasuna egiaztatzen dute, eta gako bat dute lotuta. Adibidez, administrazio publikoen Egoitza Elektronikoetara sartzeko balio dute, bulegoetan egiten diren (edo egiten ziren) kudeaketak egiteko.
- Sinadura-ziurtagiria: beste ziurtagiri batzuek izapideak edo dokumentuak sinatzeko balio dute (paperaren gainean eskuz idatzitako sinadura ordezten dute). Adibidez, .pdf formatuko dokumentuak sinatzeko erabil daitezke, hala nola kontratu bat edo administrazio bati egindako eskaera bat.
Noiz erabiltzen dira ziurtagiri elektroniko hauek?
Ziurtagiri elektronikoak gero eta gehiago erabiltzen ari dira, izapide presentzialak edo dokumentuetan eskuz idatzitako sinadurak ordezkatzen baitituzte. Horrela, izapide guztiak modu telematikoan egiten dira ordenagailutik. Adibide gisa, erabil daitezkeen egoera hauek aipa ditzakegu:
- Amatasun/aitatasun prestazioa edo jubilazio pentsioa eskatzeko (Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoa).
- Kontratu bat sinatzeko.
- Laguntza publikoak edo diru-laguntzak eskatzeko (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa).
- Dokumentuak digitalki sinatzeko (ospitaleari historia klinikoa eskatzeko idatzia, erditze-plana, etab.)
Nola lor dezakezu ziurtagiri bat?
- NAN elektronikoa: NANaren gakoa eguneratzea gomendatzen da, gako hori 60 hilabetera iraungitzen baita. NAN elektronikoa hainbat egoitza elektronikotan sartzeko erabil daiteke eta, gainera, dokumentuak digitalki sinatzeko aukera ematen du. Informazio gehiago: https://www.dnielectronico.es/PortalDNIe/PRF1_Cons02.action?pag=REF_1028&id_menu=33
- “Cl@ve permanente”: Gizarte Segurantzaren ziurtagiri espezifiko bat da, eta erregistratu egin behar da. Aukera ematen du Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoan sartzeko eta txostenak edo dokumentuak eskatzeko, bai eta prestazioak eskatzeko ere, ordenadoretik azkar eta erraz. https://revista.seg-social.es/2020/10/20/como-obtener-un-certificado-digital-o-o-registrarse-en-clve-para-realizar-tramites-con-la-seguridad-social/
- Izenpe: herritarrei, enpresei eta profesionalei aukera ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren aurreko izapideak elektronikoki egiteko. Herritarrentzat hainbat modalitate daude (informazio gehiago hemen: https://www.izenpe.eus/iee/es/ciudadania.shtml):
- IZENPE txartela, lotutako gakoarekin. Modu digitalean sinatzeko ere balio du.
- BakQ. EAEko Administrazioaren aurrean izapideak erraz egiteko balio du.
Adierazitako guztiagatik, NANaren gakoa eguneratzea ez ezik, adierazitako beste ziurtagirietako bat gutxienez eskatzea ere gomendatzen dugu bulego honetatik, izapideak zuen etxetik egin ahal izateko (hori oso baliagarria izango da konfinamendu-egoeran bazaudete, adibidez).
Irati Alkezar
Abokatua – Abogada