Maiatzaren lehena

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE), COVID-19ak lan-merkatuan dituen ondorioei buruz duela gutxi egindako azterlan batean (2021eko urtarrilean), mundu mailan lanorduak (ordaindua) eta diru-sarrerak murriztu egin direla ohartarazi du.

Aipatu erakundeak nabarmendu du pandemiak krisi larriena eragin duela lan-munduan 1930eko hamarkadako Depresio Handiaz geroztik, eta agerian utzi du beharrezkoa dela enplegua eta langileen eskubideak sustatzea, gizartean susperraldia bermatzeko.

Pandemiak modu desberdinean eragin die herritarrei. Erakundeak ohartarazi du “ondorio bereziki suntsitzaileak” daudela biztanleria-talde askotan eta sektore kalteberetan, eta arreta berezia jarri du gazte, emakumea, norberaren konturako langilea eta kalifikazio txikiko langileengan (ordainsari txikiagoak lortzen dituztenak). Izan ere, pertsona horiek, aurreikuspenen arabera, zailtasun handiagoak izango dituzte errekuperatzeko, baita lan-merkatutik kanpo geratzeko ere.

Lan-merkatuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak egiteke jarraitzen du, eta osasun-krisiak agerian utzi du bizitzaren euskarriak emakume-aurpegia duela:

  • Emakumeak lehen lerroan egon dira pandemian; izan ere, funtsezkotzat jo diren sektore gehienak osatzen dituzte, hau da, pandemiari aurre egiteko ezinbestekoak direnak (mundu osoan osasun-arloan langileen % 70 direla uste da).
  • Pandemiak eragin handiagoa izan du emakumeek lan-merkatuan sartzeko edo bertan jarraitzeko dituzten aukeretan.
  • Emakumeek gizonek baino joera handiagoa dute beren lanak uzteko, eta haietako askok populazio aktiboa erabat uzten dute, familiaren barruan zaintza-arreta emateko beharra delarik arrazoi nagusia. Ikastetxeen itxierak, adibidez, eragin handia izan zuen egoera horretan.
  • Azkenik, gogorarazi behar da emakumeek ordezkaritza handiegia dutela ekonomiaren sektore informaletan, kontratu prekarioagoekin eta lan-baldintza okerragoekin.

Konfinamenduak zerbitzuak emateko modalitate berri bat ekarri zuen: urrutiko lana (telelana ere esaten zaio). Gure etxeetatik teknologiak erabiltzea lan-eredu jasanezina izan zen familia askorentzat, eta laneko eskakizunak etxeko eta zaintzako lanekin uztartzea ia ezinezkoa zela erakutsi zuen.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da benetako kontziliazioa ahalbidetuko duten neurriak hartzea, diru-sarrerak sortzen dituen lana eta zaintza-lana (kasu askotan ordaindu gabea) uztartzea ahalbidetuko duen eredua, botere publikoek luzamendurik gabe onartu behar duten betebehar gisa hartu behar dena. Gainera, premiazkoa da gure bizitzei eusten dion lanari balio eta aintzatespen sozial handiagoa ematea, horretan modu duinean jarraitzea bermatuko duten neurri ekonomikoak sortuz.


Irati Alkezar Abokatua / Abogada


Informazio gehiago:
OIT La Covid-19 y el mundo del trabajo. 7º edición, 25 de enero de 2021: https://www.ilo.org/wcmsp5/groups/public/—dgreports/—dcomm/documents/briefingnote/wcms_767045.pdf


OIT, Cómo se está dejando atrás a las mujeres en la búsqueda de un trabajo decente para todos: https://ilostat.ilo.org/es/how-women-are-being-left-behind-in-the-quest-for-decent-work-for-all/

Posta partekatu